Berrogei urteko diktadura eskuindar eta zentralistaren burua ohean hil eta gaur egun indarrean dirauen Konstituzioa ezarri artean, "transizio" izenez ezaguna zaigun aroan PSOEk Estatu espainiarraren lurralde antolaketa eta egitura politiko-juridiko demokratiko baten sujeto politikoaren aitorpenean izandako aldaketa sakona aztertzea da lan honen xede nagusia.
Estatu espainiarra (edo Espainia nahi bada) osatzen duten lurralde-herrialdeek elkarkidetza harreman desberdinak garatu dituzte historian zehar eta elkarkidetza honetatik Estatu-Nazioa garaikidearen egituraketa sortu eta sakondu den ehinean, legitimazio demokratikoaren beharrak zein antolaketa politikoaren proposamenek arrakasta gutxiago edo gehiagorekin, beti erantzun diote ondoko bitasunari: zein da aipatu lurralde-herrialdeei dagokien erabaki ahalmena guztiak biltzen dituen estatu egituraren barruan eta nola antolatuko da botere politikoaren kudeaketa. Hots, nori dagokio zer erabakitzea eta nola gauzatzen da norbait horrek erabakitakoa, azken batean burujabetzaren sujetoa eta erabakien gauzapenerako antolaketaren arteko lotura. Urteak joan, urteak etorri soka honetatik agertu dira Estatu-nazioaren gauzapenari dagozkion eztabaidak zein gatazkak beste hainbat eragilekin batera: erreinuen konkista, foruen irakurketa desberdinak eta askotan kontrajarriak, administrazioaren deszentralizazioa, unibertsoan batasun zatiezinaren gauzapen politikoa, inperioaren mirespena, autonomizaletasuna, lurralde arteko elkartasunaren aipua edo independentziaren aldarrikapena.
Esan bezala, PSOE da lanaren ardatza, Francoren heriotza da abiapuntu eta 1978ko Konstituzioa indarrean jartzea denbora bukaera, lehena agintaldi baten amaiera delako eta bigarrena, berriz, egitura juridiko politiko baten hasiera delako. Denbora tarte honetan, Errepublikaren aurkako matxinadak eta Guda Zibilaren garaipenak ia berrogei urtez militar eskuindarren esku jarritako agintaldia atzean dela, aldaketaren krisia da nagusi. Luzetik datorren frankismoaren krisialdi politiko-ekonomikoak, boterearen legitimazio zutabeen haustura sakonak eta indar behartzaile hutsaren bideragarritasun ezak ezinezkoa bilakatzen dute egituraketa sozio-politikoaren bizi iraupena. Erregimen frankistaren baitako batzuek matxinadaren izpiritua berreskuratu nahi dute, beste batzuek dena berdin jarraitzeko adina legitimazioa bilatu nahi dute gizartean eta horretarako, bilakatu behar. Bada ere frankista-ohi demokrazia zale berri ugari eta, bien bitartean, ilunarotik argi eztandaren indarrez datorren oposizioak demokratikoa izan asmo duen egituraketa politiko berria aldarrikatzen du. Estatu kolpearen mehatxu iraunkorra, kale mobilizazioak, grebak, hauteskundeak, segurtasun indarren eskuhartzea, gerra zikina, telebistak, prentsa, botere faktikoen mugimenduak, borroka armatua, alderdien legeztapena, bilerak, mintegiak, ezkutuko negoziazioak....era guztietako indar harremanen zurrunbiloaren erdian, Estatuararen egituraketaren oinarriak daude ezbaian. Eta botere politiko guztien urrezko araua den bezala, hemen ere legitimazioaren koxka dugu: zer behar du botereak legitimoa izateko, egonkorra eta onartua izan dadin... ze berme, ze baldintza eta ze ezinbestekotasun, ze behar eta ze eskubide, zein hiritarraren partehartzea, nola antolatu... zeintzu dira egituraketa demokratiko baten ezaugarriak?.
Francoren heriotzak aspalditik metatutako itxaropenei bide emango die eta indar harremanen garapenak 1978ko Konstituzioa erdituko du: aurreko galderei erantzun bat, gauzapen bat, indarrean jarriko dena: Autonomien Estatua. Denbora tarte horretan (1975-78) PSOEk Estatuaren lurralde antolaketa eta sujeto politikoaren aitorpenean, estatu demokratikoaren antolaketaren oinarrian, izandako aldaketa aztertuko dugu. Horretarako garaiko mintegietan erabilitako txostenak, alderdiaren zuzendaritzako kideen idazki eta liburuak, buruzagiek eskeinitako elkarrizketak, militanteen prestakuntzarako erabiltzen ziren materialeak, hauteskudeetarako egitarauak, "El socialista" alderdiko aldizkaria eta testigantza zuzenak izango dira euskarri nagusiak.
Historian gehienetan gertatzen den bezala, oraingoan ere denboraren zatiketa ez da erabat zurruna izango, izan ere zehatu den 1975-78 tartearen aurreko zein ondoren aipamenak ezinbestean egin behar izan dira lanari dagokion garaian gertatutakoak gutxieneko kokapena eskatzen duelako. Horrela ba, PSOEk sujetu politikoaren aitorpenean izandako jarrera historikoaren zertzelada nagusiak marrazten ditut hasieran. Gero, ezinbestekoa iruditu zait frankismoaren azken urtetan PSOEren garapena laburbiltzea garai honetan bizi bizian hasten delako ematen egituraketa politiko juridikoaren aldaketaren inguruko eztabaida eta 1972an PSOEren zatiketaren ondotik sortzen delako hemen aztertuko dugun denbora tarteko alderdia.
Estatuaren egituraketa politikoaren aldaketa-moldaketa (horren inguruko eztabaidak zutik baitirau oraindik) ernaltzen den garai honetan PSOE bera eta PSOEren iharduera politikoa oso garrantzitsuak izan ziren Estatuaren egituraketa berriak gauzatu zen Kontituzioa baldintzatzerakoan (honek ez du inolaz ere gutxiesten gainontzeko indar eta eragile politikoen pisua). Bakoitza bere nabardurekin, aldeko zein aurkari guztiek onartzen dioten garrantzia da eta lortutako boto kopuruek ere horixe baieztatzen dute: 6.039.840 bozka zenbatu ziren 1977ko ekainaren 15eko hauteskudeetan eta 4.598.023 1979ko apirilaren 3ko deialdian.
Denek aitortzen dute egitura politikoaren aldaketa-moldaketaren bideragarritasunerako ezinbestekoa zela PSOEren partehartzeak erantsi zieizaiokeen sinesgarritasuna eta babesa. PSOE zen azken batean II. Errepublika garaitik zirauen alderdi bakanetakoa eta honek ehin haundi batean orduko oinordekotza egokitzen zion: II. Errepublikazale guztien artean (gudariak, atzerriratuak, bertan gelditutakoak, frankismoaren oposizioan aritu zirenak....) pisuzko izen ona zuen PSOEk. Baina ez hori bakarrik, frankismoaren azken urtetan oposizioak (bereziki langile eta ikasle mugimenduen eskutik) ezagutu zuen oldarraldiari esker ezkerreko alderdien mintzakidetza ezinbestekoa zen egitura politikoen aldaketa-moldaketak gutxieneko sinesgarritasun demokratikoa erdiesteko. Eta abagadune berezi horretan PSOE zen hobekien kokatuta zegoena, beste gauza batzuen artean ia besterik ez zegoelako: PSOEk egitura eskasa bazuen, PCEk garatuxeagoa zuen baina errepresioaren jazarpena, berrogei urteko satanizazioak eta klase politikoaren boikotak mugarri latzak ziren. Gainontzekoak, alderdiak baino gehiago talde politikoak ziren.
Aldaketa politikoaren zurrunbiloan PSOE eragile izateaz gain, bere baitan ere aldaketa sakonak ezagutuko ditu alderdiak ez bakarrik aldaketa ideologikoak, baita hedadura, kide kopuruan eta hauen izaeran ere. Eragile guztiak noski, elkarrekin harremanean, elkarrekin arian denboran zehar. Alderdiaren garapen politikoarekin zerikusia duen ehinean, guzti honi buruz ere hainbat zehaztapen azalduko dira lanean.
1-Historian zehar PSOEk jorratutako ibilbidearen zertzelada nagusiak
![]() |